Berri guztiak Jeisteko dokumentuak  
Sarrera

Denbora aurrera joan ahala, geroz eta errepide gehiago dauzkagu gure ingurumarian eta horiek geroz eta beteagoak daude, nolabaiteko gurpil zoroa osatuz. Emaitza hori batere iraunkorra ez den egoeraren isla garbia besterik ez da, mugikortasunarena hain zuzen ere.

Iraunkortasunaren aldeko estrategia globala Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren helburu nagusietako bat da. Horrek, egunerokotasuna osatzen duten hainbat esparru biltzen ditu, hala nola kontsumoa eta mugikortasuna. Mugikortasunari dagokionez, 2002. urtea geroztik, Europa Mailako Mugikortasun Astea ospatzen da eta UDALSAREA 21aren eskutik UGGASAko udal elkartearen partaide diren Legazpi, Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Zumarragako udalek beste urte batez harekin bat egingo dute. Helburua, mugikortasun iraunkorra definitzeaz gain, haren aldeko apustua egitea da, iraunkorrak ez diren jokabideak alboratuz. Airearen kutsadura, osasun-arazoak, gehiegizko energia-gastua eta beste hainbat arazo mugikortasunaren ondorio zuzenak dira, baina gure jokamoldeak aldatuz, arazo horien murrizketa berehalakoa izango litzateke.

Iraunkortasuna lortzeko bide horretan Legazpi, Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan Eskola Agenda 21 izeneko programa lantzen da. Berau garapen iraunkorrerako ingurumen hezkuntzan aritzeko tresna da, eta ikastetxeko eta bere inguruko ingurumenaren kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egitea du helburu. 2008-2009 ikasturtean, hiru herrietako ikastetxeetan KONTSUMOAren gaia EKITATEAren ikuspuntutik landuko dute.

Amaitzeko, gure bailarako biztanleen mugikortasunari buruzko hainbat datu adierazgarri aurkezten dizkizuegu. 2004. urtean argitaratutako Urola Garaiko Ekobarometroaren arabera, udalerrian landu beharreko lehentasunezko ingurumen-alderdien artean, %31ak poluzio atmosferikoaren arazoak konpontzea aukeratu du. Bestetik, garraio publikoko zerbitzuak hobetzea eta hirigunean oinezkoek lehentasuna izatea biztanleen %22 eta %19ak, hurrenez hurren, lehentasun bezala aukeratu du. Datu horiekin bat ez datozen hainbat jokamolde ere azpimarragarriak dira. Horrela, auto pribatuan burutzen diren joan-etorrien %31.8a kilometro bat edo motzagoak diren ibilbideak izaten dira. Bizikleten erabilera eskasa ere aipagarria da, joan-etorrien %0.2a soilik burutzen baitira garraiobide hura erabilita.

Deskargatu dekalogoa hemen